domingo, 16 de febrero de 2014

Iparrorratza


Iparra galduta ibiltzen omen dira han, hara doazenean.

Bertara joan arte beraien iparrorratzak ez omen du beste iparrik markatzen; iman bat sentitzen omen dute harantz tiraka.

Eta behin bertara helduta iparra galtzen dute, baina ez zaie axola. Ezin da ezer aurkitu aurretik galdu ez bada, horretarko galtzen omen dira, aurkituak izateko.

Elkar aurkitzean bueltan etortzen omen dira berriro. Kilometro gutxiek markatzen duten distantzia handiegiari begirada mantenduz. Hitzek ere arazoak dituzte elkar ulertzeko.

Hegoaldekoek soilik sentitzen omen dute hori guztia.

Iparra galduta ibiltzen omen dira han, hara doazenean. Iparra galtzen dute, badakitelako hona itzultzean berriz zutik agertuko dela iparra iparrorratzean. Hegoaldekoek soilik sentitzen omen dute hori guztia, agian hegoaldekoentzako soilik delako Iparraldea ipar.

Biarritz.

viernes, 14 de febrero de 2014

Hitza: besterik gabe, da


Hitzak hitz soilak baino askoz gehiago dira. Markoak sortzen dituztela ikasi dugu gaur. Hitzak ideien gotorleku dira, eta, aldi berean, horien jaurtigailu.

Ezinezkotasun ezinezkoenak dakartzate hitzek. Ezin elefantean ez pentsatu elefantean ez pentsatzeko badiote hitzek. Pentsatu duzu, badakit.

Judutarrek diote edo zioten, edo biak, hitza dela den gauza bakarra. Hitza dela biziduna ez-bizidunetik bereizten duen gauza bakarra. Biziduna biziduna da "bizia" hitza duelako bere definizioan, izango ez balu ez litzateke biziduna izango. Pertsonen eta lokatz putzu baten arteko desberdintasun bakarra definitzen dituzten hitzak dira.

Sinetsi behar. Nik ere idaztea pentsatu nuen denbora hiltzeko, baina idazten dudan bakoitzean denbora jaio egiten da.

jueves, 13 de febrero de 2014

Bagatoz


Antapara, ateri, aterpe. Babes, babesgarri, babesgune, babespe. Beroki, estalgune, estalpe. Gorape, gordegarri. Hegazpe, itzalpe, lehorpe, magalpe. Begiragailu. Geriza, malda, sikupe. Babeski, babesleku. Aterki, gerizagarri. Hegipe. Eskepe.

Hogeita sei hitz, esanahi bakarra. Edo agian ez, agian berdina bai, baina bera ez. Agian geriza esan nahi duenak ez du esan nahi aterpe. Edo alderantziz. Agian jakin gabe ere badaki beroki esan nahi duenak ez duela esan nahi hegipe.

Kosta zaigu ulertzea nola aurki dezakegun estalpea; ateria, babeskia, sare sozialetan. Nola izan daitekeen babesleku erakusleiho bat. Baina saiatzera gatoz, nire hitzak eta ni; beraiek lehenengo, eta ni, ausartzen banaiz, agertuko naiz ondotik.

Bultzadatxo bati esker bagatoz, hitz bakarraren atzetik. Gaurkoan bultzadatxoa Goiuri (Jocelyn edo Sheilis, berak badaki), eta hitza antapara. Ez dakidan arren badakit esan nahi dudala antapara eta ez ateri.